Realak hiru eta huts galdu du Real Madriden aurka gaur arratsaldean Alfredo Di Stefanon. Txuri-urdinek, nahiz eta gola azkar jaso, aurpegia eman dute lehen zatian, baina ez dute erantzunik izan bigarrenean eta gaindituta egon dira.
Partida maldan gora jarri da lehen aukeran. Weirrek, Linda Caicedoren asistentziaren ondoren, ez du barkatu buruz burukoan etxekoak aurretik jartzeko. Weirrek berak bigarrena gertu izan du, baina oraingoan Letek baloia harrapatzea lortu du. Txuri-urdinek arriskua sortu dute minutuek aurrera egin ahala. Franssik, Maria Mendezek estali duen erremate batekin, eta Cahynovak, Misak gelditu duen korner baten irteeran, gola oso gertu izan dute donostiarrentzak. Kanpokoen artean onena atsedenaldia baino pixka bat lehenago iritsi da, Amaiurren jaurtiketa indartsu batekin, atezainak urrundu duena. Lastima. Lehen zatiko azkena Weir golegileak izan du, baina Letek arriskua zapuztea lortu du geldiketa bikain batekin.
Zuriak hobeak izan dira bigarren zatian. Lindak lehenengo abagunea izan du, gutxigatik kanpora joan den eskuinkada gurutzatu batekin. Txuri-urdinek berdinketa oso gertu izan dute handik gutxira, Nerearen bigarren zutoinean egindako erremate baten bidez, baina Misak baloia kornerrera urrundu du. Lindaren abisu berri baten ondoren, Letek aurpegiarekin desbideratu duena, hirugarrenean Bruunek ez du Møllerren heriotzaren pasea alferrik galdu etxekoen garaipena bideratzeko. Amaierarako hamabost minuturen faltan, Atheneak partida erabakita utzi du eta hirugarrena sartu du jaurtiketa estu batekin. Donostiarrak azken txanpan ohorearen gola sartzen saiatu dira, baina ez dute asmatu.
Beste porrot bat nazioarteko geldialdia eskertuko duen Realarentzat. Orain, indarberritzera eta, bi aste barru, beste hitzordu bat Real Betisen aurka bolada txarra eteteko helburuarekin.
Fitxa teknikoa:
Real Madrid CF: Misa (kap.), Antonia S., M. Méndez, Lakrar, Yasmim (Shei, min. 57), Toletti, Angeldahl, Feller (Athenea, min. 57), Weir (Møller, min. 61), Linda C. (Irune, min. 74) eta Redondo (Bruun, min. 61).
Real Sociedad: Lete, Emma, Cahynová, Apari, Lucía (Cecilia, min. 79), Andreia (E. Guridi, min. 79), Lezeta, Franssi, Lavogez (L. Pardo, min. 65), N. Eizagirre (kap.) (Intza, min. 65) eta Amaiur (Mirari, min. 54).
Golak: 1-0: Weir, min. 4; 2-0: Møller, min. 71; 3-0: Athenea, min. 77.
Epailea: Acevedo Dudley. Txartel horia erakutsi die kanpoko Franssi eta Lezetari.