Bigarren taldeak bana berdindu du Atlético de Madrilen zelaian, sari gutxiko puntua.
Etxeko taldeak hobeto ekin dio partidari, markagailuan aurretik jartzeko aukera garbiak sortuz. Lehenengo aukera, atezainaren aurkako bakarkako jokaldi bat izan da, baina kanpora bota dute; bigarrena, berriz, jaurtiketa bat izan da, zorionez langan jo duena. Dinamika horri esker, etxeko taldeak neurketako lehen gola egin du, baina Gorka Álvarezen jokalariek berehala erantzun dute, eta Isasen erdiraketa baten ostean, Puyk baloia sarera bidali du partida berdintzeko. Lehen zatia irekia izan da, eta bi taldeek izan dute bigarren gola sartzeko aukera.
Donostiarrek abiadura bat gehiago jarri dute aldageletatik bueltan, eta bi aukera oso argi izan dituzte gola sartzeko. Partida baldintzatu duten bi egoera nabarmendu behar dira: lehena, Chaconi atzetik egindako sarrera, bigarren txartel horia ekarriko zuena. Epaileak txartela eskuan zuen arren, ulergaitza bada ere, ez dio erakutsi. Bigarrena, area barruan izan den eskua; baina epaileak area kanpoan adierazi du, eta penaltia izan behar zuen jokaldia falta gisa interpretatu du.
Azkenik, txuri-urdinek ezin izan dute bigarren gola sartu, eta, horrela, puntuak banatu dira Alcalá de Henaresen. Emaitza eskas geratu da, ulertzeko zailak diren erabakiek baldintzatuta. Datorren astean etxera itzuliko dira, sailkapeneko goiko postuetan dagoen Club Esportiu Europa hartzeko.
Fitxa teknikoa:
Atlético de Madrid C: Canales, Zafra, Alonso, Peñalvo, Delgado, Sánchez (M. D. Delgado, 77. min.), De la Sias, Gómez (González, 63. min.), García, Mielgo (D'Hooghe, 46. min.) eta Sánchez de la Morena (Cuesta, 64. min.).
Real Sociedad: Mendiburu, Uranga, Solozabal, Azpirotz, Agirrezabala, Omaya, Isasisasmendi (Mugabure, 28. min.), Zunzunegi (Etxebeste, 46. min.), Aranburu (Urdampilleta, 75. min.), Chacón eta Aramburu (Etxarte, 63. min.).
Golak: 1-0: Delgado, 17. min.; 1-1: Puy, 19. min.
Epailea: Barcala Salcedo. Txartel horia erakutsi die etxeko jokalari Sánchez de la Morena eta bisitari Zunzunegiri. Halaber, Gorka Álvarez entrenatzaile bisitaria ere zigortu du.