Gure hirugarren taldeak hutsean berdindu du Uteboren aurka gaur arratsaldean Zubietan. Txuri-urdinek, irabazteko aukerak izan dituzten arren, puntu ona lortu dute sailkapenaren goialdeko aurkari baten aurka.
Partidaren hasiera parekatua izan da. Aragoiko taldeak lehen aukera izan du korner batean, baina Jorge Adanen burukada Zangok geldiketa on batekin atera du. Hortik aurrera, donostiarrak nagusi izan dira lehen zatian. Carrerak etxeko taldea aurreratzeko aukera izan du Astiazaranen erdiraketa baten ondoren, baina bere burukada kanpora joan da. Hurrengo jokaldian, Garrok Herranzen gola eragotzi du defentsako jokaldi bikain batean. Garrok berak, eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ondoren, baloia erdiratu du eta Cabo bigarren zutoinean errematatzeko agertu da, baina bere jaurtiketa zutoinetik oso gertu joan da. Azken minutuetan ez da aukerarik izan eta hutsean iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatia kanpoko taldearen nagusitasunarekin hasi da. Jaime Barrerok aukera garbia izan du area ertzeko falta batean, baina bere jaurtiketak zutoinean jo du. Neurketak abagunerik gabe jarraitu du eta minutuek aurrera egin ahala talde gipuzkoarrak gora egin du. Jokaldi on baten ondoren, epaileak penaltia adierazi du Meseguerren area barruko esku baten ostean. Astiazaranek jaurti du hamaika metroetatik baina atezainak geldiketa bikaina egin dio eta aldaratzean Jaime Barrerok Otaduiren gola eragotzi du. Handik gutxira, Diaz de Aldak kanpora bidali du korner batean egindako errematea. Azken minutuetan bi taldeak aukerak sortzen saiatu dira baina ez dute lortu eta partida berdinketan amaitu da.
Landutako puntua gure bigarren filialarentzat. Berdinketa honi esker, txuri-urdinek salbazioaren borrokan jarraitzen dute. Datorren astean Calahorraren aurka jokatuko dute etxetik kanpo.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad C: Zango (Jiménez, min. 63), Garro, Segurola, Díaz de Alda, Olarra, Oleaga (Arruti, min. 82), Eceizabarrena (kap.), Otadui (H. Rodríguez, min. 82), Astiazaran, Carrera (Soroeta, min. 63) eta Cabo (G. Gorosabel, min. 63).
Utebo FC: Jaime, Borao, Jorge Adán, Meseguer, Herranz (Carlos Javier, min. 45), David Marín (kap.), Jaime Barrero (Comeras, min. 82), David Ballarín (Isi, min. 69), Camilo (A. Rodríguez, min. 69), Diego Suárez eta Frodo (Darius, min. 82).
Epailea: Pacheco Catero. Txartel horia erakutsi die etxeko Olarrari eta kanpoko Jaime Barrero, Meseguer eta Boraori.