Gure hirugarren taldeak bi eta bat galdu du gaur arratsaldean Teruelen aurka Pinillan. Txuri-urdinak markagailuan aurretik jarri dira, baina azkenean ezin izan dute punturik lortu nahiz eta horretarako merituak egin.
Neurketa hasi eta berehala etxekoek abagune bat izan dute zutoinetik gertu joan den Peruren ezkerkada batean. Donostiarrak hobetuz joan dira pixkanaka. Jokaldi on baten ondoren, baloia Garrori iritsi zaio area barruan baina ezin izan du ondo bukatu. Minutuek aurrera egin ahala erritmoa jaisten joan da, baina terueldarrek beste aukera bat izan dute Febasek gutxigatik gora bidali duen urruneko jaurtiketa batekin. Atsedenaldiaren atarian, kanpokoek markagailuan aurrea hartu ahal izan dute, baina Soroetak ez du ondo errematatu area txikian Adjabengek jokaldi oso ona egin ondoren jarritako erdiraketa.
Bigarren zatian, gipuzkoarrak intentsitate handiarekin atera dira eta bi abagune argi izan dituzte. Lehenengo Soroetak zutoinera errematatu du Eceizabarrenaren pase baten ondoren, eta geroago Diaz de Aldak gutxigatik gora bidali du urrunetik jaurtitako falta bat. Hirugarrenean iritsi da gola, Soroetak Eceizabarrenak erdiratutako kornerra burukada bikain batekin errematatu ostean. Pozak gutxi iraun du, izan ere, bi minutu geroago, Aragoiko taldeak berdinketa lortu du Obengek ezkerkada gurutzatu batekin amaitu duen kontraeraso batean. Golak animoa aldatu dio Terueli, asko ari baitziren sufritzen bigarren zatian. Partida azken txanpan sartzen hasia zela, etxekoek markagailuari buelta eman diote Peruren golari esker, eskuin hegaletik egindako erdiraketa lehen zutoinean errematatu ondoren. Azken minutuetan, txuri-urdinak berdinketaren bila joan dira eta iritsiera arriskutsuren bat izan dute, baina ez dute asmatu eta partida bi eta batekoarekin amaitu da.
Porrota gure bigarren filialarentzat, nahiz eta ondo lehiatu eta zerbait gehiago merezi izan sailkapenaren goialdean dagoen eta aurten partidarik galdu ez duen talde baten aurka. Datorren astean etxetik kanpo jokatuko dute berriz ere CD Alfaroren aurka.
Fitxa teknikoa:
CD Teruel: Taliby, Dufur (Axel, min. 62), Iván L.M., Cabetas (kap.), I. Serrano (Leiza, min. 62), M. Marí (Giuliano, min. 9 [Val, min. 62]), Óscar C., Le Normand, I. Obeng, J. Febas (Aimar P., min. 62) eta Peru.
Real Sociedad C: Zango, Garro (Samuyiwa, min. 86), Díaz de Alda, Torres, Fernandorena, Oleaga (Segurola, min. 86), Aguirre, Eceizabarrena (kap.), H. Rodríguez (G. Gorosabel, min. 72), Adjabeng (Otadui, min. 46) eta Soroeta (Cabo, min. 86).
Golak: 0-1: Soroeta, min. 59; 1-1: Obeng, min. 61; 2-1: Peru, min. 79.
Epailea: Català Ferran. Txartel horia erakutsi die etxeko Taliby, Cabetas eta i eta kanpoko Garro eta Adjabengi.