Gure emakumezkoen filialak hutsean berdindu du Real Oviedo Femeninoren aurka gaur arratsaldean Zubietan. Txuri-urdinek landutako puntua dute partida zail batean txapelketako liderraren aurka eta galdu gabe jarraitzen dute 2025ean.
Oviedoarrak nagusi izan dira lehen zatian. Donostiarrak hobetuz joan dira pixkanaka baina ez dira eroso sentitu eta defentsan lan ona egin behar izan dute kanpoko taldearen iritsierak saihesteko. Hala ere, hasi eta berehala aukera bat izan dute gutxigatik gora joan den Zunzunegiren ezkerkada urrun batean. Asturiarren erantzuna Vera Ricok eman du area barrutik egindako erremate batekin Laurinaren erdiraketa baten ostean, baina Arrulak gelditu du. Luzapenean, 10 minutu iraun duena, Agirrezabalak neurketako abagunerik argiena izan du korner batean, baina bere erremate indartsua bikain gelditu du Sarayk. Lehen gola zen atsedenaldiaren aurretik.
Bigarren zatian, gipuzkoarrak intentsitate gehiagorekin atera dira eta hainbat hurbilketa izan dituzte, baina ezin izan dituzte ondo amaitu. Argiena Chaconek izan du, baina ezin izan du atezaina gainditu azken kontrolak ihes egin baitio banakako jokaldi bikaina egin ondoren. Lastima. Oviedok erreakzionatu egin du eta bi aukera izan ditu jarraian: lehenengoa korner batean Andrearen burukada gora joan da eta ondoren Laurinaren eskuinkada Arrulak harrapatu du. Azken txanpan, Isasisasmendi sekulako gola lortzeko zorian egon da langan jo duen erremate akrobatiko batekin. Neurketako azken abagunea asturiarrentzat izan da Carlota Acinek gidatutako kontraeraso batean, baina jaurtiketa kanpora joan zaio. Horrela, hutsean amaitu da norgehiagoka.
Landutako eta merezitako puntua gure filialerako ligako talderik indartsuenetako baten aurka. Txuri-urdinek laugarren jarraitzen dute sailkapenean eta Racingen aurka jokatuko dute hurrengo jardunaldian bi aste barru.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad B: Arrula, Etxeberria (Uranga, min. 59), Solozabal (kap.), Azpirotz, Agirrezabala, Zunzunegi, Santana, Isasisasmendi, Aranburu, Losada (Ibarguren, min. 72) eta Puy (Chacón, min. 46 [Olaetxea, min. 92]).
Real Oviedo Femenino: Saray, Gema Ginés (kap.), Marta, Marina M., Andrea, Sheida E., Aguado, Sheila G. (Abi Quiroz, min. 78), Helena (Anina, min. 62), Laurina eta Vera Rico (Carlota A., min. 87).
Epailea: Mancebo Couso. Txartel horia erakutsi die etxeko Agirrezabala eta Ibargureni eta kanpoko Andrea eta Aninari.