Gure hirugarren taldeak hiru eta huts galdu du Barbastroren aurka gaur goizean etxetik kanpo. Txuri-urdinek ezin izan diote azken jardunaldietako bolada onari jarraipena eman aurkari zuzen baten aurka eta atzerapausoa eman dute mailari eusteko borrokan.
Bi taldeek intentsitate handiarekin hasi dute partida. Aragoiko taldeak izan du lehen abagunea, baina Solak area barruan egindako errematea gora joan da. Donostiarren erantzuna Eceizabarrenak langara bidali duen falta jaurtiketa batekin. Sartuko balitz, sekulako gola izango litzateke. Gipuzkoarrek baloiaren jabetza mantendu dute eta Barbastrok kontraerasoak bilatu ditu presio altua eginez. Solak aukera paregabea izan du etxekoak aurretik jartzeko alboko erdiraketa baten aldaratzean, baina bere jaurtiketa kanpora joan da zutoinean jo ondoren. Minutu bat geroago, Guille Alonsok 1-0ekoa egin du baloia berreskuratu eta banakako jokaldi bikaina eginda. Atsedenaldira iritsi baino lehen, Hodei Rodriguezek berdinketa egin ahal izan du hainbat arerio atzean utzi ostean, baina errematea langa gainetik joan zaio.
Bigarren zatian, Oscar Fernandezen taldea berdinketaren bila joan da eta pare bat abagune izan ditu. Lehenengo Gorka Gorosabel saiatu da urruneko jaurtiketa batekin, baina Victorrek kornerrera bidali du, eta hurrengo jokaldian, Diaz de Aldak gora bidali du errematea. Donostiarrak ondoen zeudenean, kolpea iritsi da Arroyoren korner baten irteeran buruz egindako golarekin. Handik gutxira, kontraeraso batean, etxekoek norgehiagoka erabakita utzi dute Solaren golari esker. Azken minutuetan ez da aukerarik izan eta neurketa hiru eta hutsekoarekin amaitu da.
Porrota gure bigarren filialarentzat. Txuri-urdinek ezin izan dute mailari eusteko borrokan aurrerapauso handia eman. Datorren astean Zubietara itzuliko dira beste aurkari zuzen baten aurka jokatzeko, kasu honetan, Subizaren aurka.
Fitxa teknikoa:
UD Barbastro: Víctor, Gastón, Arroyo, Ian (Nico, min. 82), Sito (Mikel, min. 89), Guille Alonso (Juan L., min 82), Javito (kap.), Hugo, Eder (Ander, min. 60), Albín eta Sola (Binke, min. 82).
Real Sociedad C: Zango, Garro, Díaz de Alda, Ropero (kap.), Fernandorena, Oleaga (Samuyiwa, min. 81), Eceizabarrena (Aguirre, min. 81), H. Rodríguez (Adjabeng, min. 60), G. Gorosabel (Otadui, min. 81), Cabo (Astiazaran, min. 60) eta Soroeta.
Golak: 1-0: Guille Alonso, min. 36; 2-0: Arroyo, min. 66; 3-0: Sola, min. 71.
Epailea: Pujol Prat. Txartel horia erakutsi die etxeko Arroyo, Sito eta Javitori.