Maider Castillo, eliteko emakumezkoen futboleko arduradun berria, komunikabideen aurrean aurkeztu dute gaur arratsaldean Zubietan. Eibartarra “pozik eta ilusioz gainezka” agertu da Garbiñe Etxeberriarekin batera talde txuri-urdinaren emakumezkoen futbola zuzentzeko erronkaren aurrean.
Joseba Ibarburuk, klubeko presidenteordeak, ongietorria eman dio Castillori eta “izendapen hau Klubaren emakumezkoen futbola indartzeko eta hazteko beste pauso bat" dela adierazi du. Garbiñe Etxeberriak, bestalde, Maider Castilloren esperientzia azpimarratu du, “garena indartzeko eta hazten jarraitzeko” datorrela esan du. Iritsiera honek indartsuago egingo gaitu, hala badagokio. Bere begiradaren babesa izango dugu eta eskutik joango gara emakumezkoen futbola hobetzen jarraitzeko”.
Maider Castillok berarengan jarritako konfiantza eskertu nahi izan du. “Oso pozik eta ilusioz gainezka nago. Klub egonkor bat aurkitu dut, baliabide onekin, instalazio berriekin, egitura onarekin, klubaren egituran integratutako metodologiarekin, talde tekniko onarekin... Hori guztia balioan jarri behar da, klub guztiek ez baitute halakorik. Taldean lan egiteko eszenatoki ezin hobean nago”.