Audiodeskribapen sistema Reale Arenan

Ikusmen urritasuna duten pertsonentzako teknologia berria

Vídeo

Realak, bere fundazioaren bidez, beste pauso bat eman du irisgarritasunarekin eta inklusioarekin duen konpromisoan, ikusmen urriko pertsonei Reale Arenako partidez zale gisa gozatzeko aukera emango dien ekimen berritzaile bat abian jarri baitu.

Audiodeskribapen sistema bat inplementatzeari esker, ikusmen urritasuna duten jarraitzaileek partidetan murgildu eta futbola modu hurbilagoan bizi ahal izango dute.

Irtenbide horrek zelaian gertatzen denaren narrazio zehatza eskaintzen du, denboran atzeratu gabe, erabiltzaileei jokaldi bakoitza, jokalarien aulkian gertatzen den erreakzio bakoitza eta harmailetan ere gertatzen dena jarraitzeko aukera emanez, une oro. Audiodeskribapenen sistema horretara sartzeko, Escoita aplikazioa erabili behar da.

Ekimena gaur arratsaldean aurkeztu da Reale Arenako auditorioan. Aurkezpenean Alex Remiro Realeko atezainak eta horren familiak parte hartu dute. Atezainaren amak, zeinak ikusmen urria baitu, lehen pertsonan esperimentatu du Escoitak nola eraldatzen duen ikusteko zailtasunak dituzten pertsonek futbolaz gozatzeko duten modua. Gainera, Ainara Muga, Real Sociedad Fundazioko Proiektu Arduradunak, Andrea Partek, Donostiako ONCEko zuzendariak, Ander Mirandak, ONCEko afiliatuak, Zuriñe de Anzola Guerrak, Retina Gipuzkoa BEGISAREko koordinatzaileak eta Markel Etxabeguren Retina Gipuzkoa BEGISAREko bazkideak parte hartu dute. Bi erakundeek laguntza handia eman dute proiektu honen garapenean, eta tresnarekin duten esperientzia eta horrelako ekimenei buruz duten ikuspuntua jakinaraziko digute.

Audiodeskribapenen sistema inplementatzea beste urrats bat da Real Sociedad Fundazioak bere programen bitartez irisgarritasun eta inklusiorako bidean aurrera egiten jarraitzeko. Testuinguru horretan ere kokatzen dira, adibidez, Navilens teknologian oinarrituta jarri ditugun informazio panelak, erabiltzaileei gailu mugikorretan informazioa modu erraz eta azkarrean jasotzeko aukera ematen dietenak, estadioan duten esperientzia hobetzeko.

Ekintza horiekin, Real Sociedad Fundazioak gizarte inklusiboago baterantz aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa indartzen du, kasu honetan, futbola guztiok oztoporik gabe goza dezaketen pasioa izan dadin.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!