Gure emakumezkoen filialak bana berdindu du Athletic B liderraren aurka gaur arratsaldean Zubietan jokatu den euskal derbian. Txuri-urdinek partida oso ona jokatu dute eta landutako puntua eskuratu dute, nahiz eta zerbait gehiago merezi.
Donostiarrak gogotsu atera dira zelaira eta lehen abaguneak izan dituzte Chaconen bi jaurtiketekin, baina lehenengoa kanpora joan da gutxigatik eta bigarrena Vegak kornerrera bidali du. Nagusitasunak bere saria izan du Agirrezabalak ezkerkada ikusgarri batekin baloia sarera bidali duenean. Golaren ostean, bisitariek martxa bat gehiago sartu dute, baina etxekoen defentsak edozein iritsiera arriskutsu ekidin du eta lehen 45 minutuen amaierara abantailarekin iritsi da.
Atsedenalditik bueltan, talde zurigorria nagusi izan da eta berdinketaren golaren bila atera da. Hala ere, gipuzkoarrak defentsiboki oso serio mantendu dira eta bigarrena sartzeko aukeraren bat edo beste izan dute. Neurketa bere azken txanpan sartzen hasia zela, bilbotarrek berdinketaren gola egin dute Egiaren burukada batekin, hegaletik egindako erdiraketa bat errematatu ondoren. Hortik gutxira, Arrulak geldiketa bikaina egin du kanpokoek bigarren gola ekiditeko. Azken minutuetan, bizkaitarrak garaipenaren bila joan dira, baina ez dute asmatu azken metroetan eta norgehiagoka banakoarekin amaitu da.
Puntu oso ona gure filialarentzat partida oso ona jokatu ondoren eta zerbait gehiago merezi izan arren. Sailkapeneko goiko postuetan jarraituko dute beste aste batez eta datorren astean Asturiasera joango dira Avilés Industrialen aurka jokatzeko. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad B: Arrula, Uranga, Solozabal, Azpirotz, Etxebeste, El Amraoui, Zunzunegi (Puy, min. 89), Chacón (Etxarte, min. 76), Lezeta, Agirrezabala (Aranburu, min. 62) eta Isasisasmendi.
Athletic Club B: Vega, Benito, Alfaro, Balerdi, Pargaray (Egia, min. 71), Gandiaga (Torrontegi, min. 71), Gurtubay, Redondo (Hormaechea, min. 55), Agirregomezkorta (Muniozguren, min. 71), Aretxabala (I. Martín, min. 46) eta San Martín.
Golak: 1-0: Agirrezabala, min. 27. 1-1: Egia, min. 76.
Epailea: Rebollo Valdivia. Txartel horia erakutsi die etxeko Solozabali eta kanpoko Balerdiri.