REAL MADRID CF 3-2 REAL SOCIEDAD

Harrotasunez erori dira

Vídeo

Realak porrota jaso du Superkopako finalerdietan Real Madriden aurka hiru eta bi galdu ostean Butarquen gaur arratsaldean. Donostiarrek bikain lehiatu dute Europako talde onenetako baten aurka, azkeneraino aurpegia emanez eta harrotasunez eroriz.

Partida zurien golarekin hasi eta berehala zaildu da: Olgak erdiratu eta Weirrek area barruko aldaratze bat aprobetxatu du baloia sare barrura bultzatzeko. Txuri-urdinek berehala erantzun dute eta, abisu pare baten ondoren, hirugarrenean berdintzea lortu dute: Nerearen pase ederra eta Amaiurrek, buruz burukoan, Misa driblatu eta gainditzea lortu du, lehia berdintzeko. Madrildarrek estutu egin dute atsedenaldia iritsi baino lehen eta Linda Caicedo bigarrena sartzear izan da eskuin hegaletik egindako barnekaldi baten ostean. Handik gutxira, oraingoan bai, ez dute barkatu Angeldahlek erremate gurutzatu indartsu batekin egindako jokaldia amaitu ondoren. Realak lehen zatio azkena izan dute Nerearen ezkerkada batekin, Misak harrapatu duena.

Zuriek jokoaren pisua eraman dute aldageletatik igaro ondoren. Aukera gutxi egon dira, hori bai. VAR-ak esku hartu behar izan du Emmak Atheneari egindako penaltia baliogabetzeko, madrildarren erasotzaileak jokalari txuri-urdina zapaldu duelako. Amaierarako hogei minutura, Linda Caicedoren bakarkako jokaldi batek finalerdia ia erabakita utzi du. Donostiarrek ez diote aurpegirik galdu partidari eta Lorenak aldeakmurriztea lortu du azken txanpan, baina baliorik gabe utzi dute ustez Mirarik Antoniari falta egin diolako. Luzapenean, Amaiurrek, buruz, txuri-urdinak partidan sartzea lortu du, azken jokaldian kornerra izan baitute balentria lortzeko, baina zorterik gabe.

Porrot honek ez du Realak erakutsi duen irudi bikaina zapuzten. Harro egoteko modukoa da. Orain, egun batzuk atseden hartzera eta, ondoren, ligako bigarren itzulian zentratzera, Kopako final-laurdenak horizontean direla. Madrid CFF, hurrengo aurkaria ligan otsailaren 1ean. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Madrid CF: Misa, Shei (Teresa, min. 81), Lakrar, M. Méndez, Olga (kap.), Toletti, Leupolz (Athenea, min. 26), Angeldahl, Weir (Redondo, min. 75), Linda C. (Eva Navarro, min. 81) eta Bruun (Antonia S., min. 81).

Real Sociedad: Lete, Emma (E. Guridi, min. 85), Apari, Lucía, Izarne (Cecilia, min. 85), Andreia, Cahynová, Franssi (Lorena, min. 85), N. Eizagirre (kap.) (Mirari, min. 78), L. Pardo (Intza, min. 59) eta Amaiur.

Golak: 1-0: Weir, min. 4; 1-1: Amaiur, min. 10; 2-1: Angeldahl, min. 37; 3-1: Linda C., min. 71; 3-2: Amaiur, min. 95.

Epailea: Planes Terol. Txartel horia erakutsi die etxeko Tolettiri eta kanpoko Intza eta Izarneri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!