La Revuelta telebista-programako kolaboratzaile Grison umorista eta beatboxer ospetsuak ekainaren 2tik 7ra egingo den Korner kultura eta futbol jaialdiaren 8. edizioan parte hartuko du.
- Grison izango da 'Monologoles' jaialdiko sail beteranoko protagonista, Reale Arenan ekainaren 6an, ostirala, egingo den showarekin
- Jaialdiaren programazio osoa maiatzean iragarriko da, eta formatu finkoak eta publiko guztientzako berrikuntzak uztartuko ditu
- Aurtengo edizioko kartela Donostiako Wallijai estudio grafikoak egin du
Real Sociedad Fundazioak, Donostia Kirolaren eta Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatutako Korner kultura eta futbol jaialdiak bere 8. edizioa gauzatuko du ekainaren 2tik 7ra, aurreko edizioak ezaugarritu dituen helburu berarekin: itxuraz deskonektatuta dauden bi mundu lotzea, futbolaren eta kulturaren barruan esanguratsuak diren profilak gonbidatuz, bi arloek partekatzen dituzten puntu ugariak agerrarazteko.
Jaialdiaren aurreko zazpi edizioetan literaturak, zinemak, arteak, futbolak eta, jakina, umoreak izan dute lekua, Leo Harlem, Raul Perez, Zuhaitz Gurrutxaga edo Maribel Salas bezalako pertsona ezagunekin.
Grison
Edizio honetan Grison izango da, "La Revuelta" eta aurretik "La Resistencia" programako kolaboratzaile ezaguna, ‘Monologoles’ ataleko protagonista, eta, horretarako, agertoki ikusgarri batera joango da, Reale Arenako zelaira. Ekainaren 6an izango da, 21:00etan.
Grisonen show berriak umorea eta musika nahasten ditu, bakarrik ahotsaren laguntzaz (beatbox) eta esaldiak buklean grabatu eta errepikatzen dituen aparatu batez (loop station) abesti mitikoen gainean sortutako bertsioekin. Ikuskizunak inprobisazioa eta publikoarekin hitz egitea ere uztartzen ditu, inola ere inor hotz utziko ez duen giro parte hartzaile eta animatua sortzeko.
Ekitaldirako sarrerak eskuragarri daude jada, martxoaren 27a, osteguna, eta jaialdiaren webgunearen bidez eros daitezke: www.korner.eus
Korner zortzigarren ediziora iritsi da
Kornerren programazio osoa maiatzean iragarriko da, eta formatu finkoak eta publiko guztientzako berrikuntzak uztartuko ditu.
Programa ‘Futbolaren bultzada’ ideiaren inguruan garatuko da, zeina komunitate baten energia batzeko gai baita itxuraz ezinezkoak diren erronkak aurrera ateratzeko. Ideia horretan inspiratu da Donostiako Wallijai estudio grafikoa zortzigarren edizio honetako kartela egiteko orduan.
Jaialdiari eta sarrera edo gonbidapena behar duten ekitaldiei buruzko informazio guztia webgunean eskuratu ahal izango da: www.korner.eus