REAL SOCIEDAD B 0-0 CE EUROPA

Gola falta izan da

Gure emakumezkoen filialak hutsean berdindu du Europaren aurka gaur arratsaldean Zubietan. Txuri-urdinek partida oso ona jokatu dute, baina azken metroetan asmatzea falta izan zaie txapelketako liderrari irabazi ahal izateko.

Neurketa oso parekatuta mantendu da lehen zatian. Bi taldeak baloiaren jabetza kontrolatzera eta jokaldi luzeen bidez aukerak sortzera atera dira. Donostiarrek izan dituzte lehen abaguneak, Chaconen erremate behartu batekin eta El Amraouiren burukada batekin. Hala ere, Bartzelonako taldeak izan ditu aukera argienak. Lehenengo, Júlia Gomezek baloi bat bidali du langara gola sartzeko dena alde zuela, eta ondoren, Pili Portak egindako baselina gutxigatik gora joan da. Azken jokaldian, Isasisasmendi bakarrik geratu da Albaren aurrean baina atezainak geldiketa bikaina egin du, atsedenaldira iritsi aurretik etxekoen lehen gola saihestuz.

Bigarren zatian, bi taldeek aurrerapausoa eman dute golaren bila, baina defentsak sendo mantendu dira eta edozein aukera ekidin dute. Katalanek baloi jabetzari eutsi diote eta urruneko jaurtiketekin min egin nahi izan dute. Kanpoko taldearen presio handiaren ondorioz, gipuzkoarrak ez dira eroso sentitu baloia jokatzen. Hala ere, partidaren azken minutuetan donostiarrek hainbat abagune izan dituzte, horietakoren bat oso argia. Intzaren pase bikain batek area barruan bakarrik utzi du Lezeta, baina bere jaurtiketa Ari atera du atepetik. Jada luzapenean, Lezetak beste behin garaipenaren gola sartzeko aukera izan du, baina area kanpotik egindako jaurtiketa gora joan da eta partida berdinketarekin amaitu da.

Horrela, gure bigarren taldeak puntu bat lortu du txapelketako liderraren aurka eta sailkapenaren goiko aldean jarraitzen du. Datorren astean Pradejonen aurka jokatuko dute etxetik kanpo.

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad B: Mendiburu, Etxebeste, Solozabal (kap.), Azpirotz, Losada (Olaetxea, min. 83), El Amraoui, Zunzunegi (Puy, min. 67), Chacón (Aranburu, min. 52), Lezeta, Egiguren eta Isasisasmendi.

CE Europa: Alba, N. Benet (Naiara, min. 76), N. Ferrer, Ari, Serrat, Pili Porta (kap.), Pixu, Sílvia (Bové, min. 46), Júlia Gómez, Natalia (Manau, min. 87) eta Clara (Martina del Río, min. 59).

Epailea: Barragán Gaspar. Txartel horia erakutsi die etxeko Isasisasmendi, Egiguren, El Amraoui eta Azpirotzi eta kanpoko Serrat eta Nataliari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!