Realak Kopako final-laurdenetarako txartela lortu du Rayori hiru eta bat irabazita gaur gauen Reale Arenan merezimendu osoz. Txuri-urdinak hasieratik izan dira nagusi eta KO txapelketan aurrera jarraitzen dute.
Reala gogotsu zelairatu da, hasieratik neurketa menderatu nahian. Lehen aukera, hori bai, kanpokoen izan dute Remirok bi alditan harrapatu duen Pedro Diazen erremate batekin. Aramburuk, areaz kanpotik jaurtitako eskuinkada indartsu batekin, Cardenas ere proban jarri du. Lehen zatiaren erdian iritsi da gola: Takeren jenialtasun berri bat, asistentzia bikaina eta area txikian Oyarzabal agertzen da baloia sare barrura bultzatzeko. Atsedenaldira iritsi aurretik, Olasagastik, areaz kanpotik egindako ezkerkada ikusgarri batekin, txuri-urdinen aldea handitu du. Izugarria. Dena bideratuta zegoela zirudien, baina, lehen zatiko azken jokaldian, Trejok aldeak murriztea lortu du penalti puntutik.
Donostiarrei ez die eragin kanpokoen gol horrek eta hirugarren gola bilatzen jarraitu dute. Barrenek, bigarren zutoinean, Oyarzabalen erdiraketa sare barrura bidaltzea lortu du, baina kapitaina jokoz kanpo zegoen. Amaitzeko ordu laurden falta zenean, Pachak bigarren txartel horia ikusi du. Falta horretan, Sergio Gomezek hirugarren eta azken gola lortu du baloiak lurrean jo eta barrura joanez.
Txuri-urdinek merezitako garaipena lortu eta asteleheneko zozketan egongo dira. Hor ezagutuko dugu gure aurkaria final-laurdenetan. Orain, atseden hartzeko ia denborarik gabe, igandean Valenciaren aurka jokatu beharreko partida prestatzera astea borobiltzeko. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: A. Remiro, Aramburu, Zubeldia, N. Aguerd, Aihen, Zubimendi, Olasagasti (Turrientes, min. 68), Sučić (Brais Méndez, min. 68), Take (Becker, min. 89), Barrene (Sergio Gómez, min. 68) eta Oyarzabal (kap.) (Óskarsson, min. 82).
Rayo Vallecano: D. Cárdenas, Balliu, Aridane, Lejeune, Pacha, Pedro Díaz (Unai López, min. 65), Óscar V. (kap.), De Frutos (Embarba, min. 65), Trejo (Isi, min. 65), Álvaro (Pep Chavarría, min. 82) eta Nteka (Camello, min. 71).
Golak: 1-0: Oyarzabal, min. 23; 2-0: Olasagasti, min. 45+1; 2-1: Trejo (pen.), min. 45+7; 3-1: Sergio Gómez, min. 79.
Epailea: Hernández Maeso. Txartel horia erakutsi die etxeko Zubimendiri eta kanpoko Lejeune eta Isiri. Kanpoko Pacha kanporatu du bi txartel hori erakutsi ostean (min. 77).
Asistentzia: 27.816 ikusle.