Gure hirugarren taldeak hiru eta bat galdu du CD Subizaren aurka. Asko kostatu zaie aukera garbiak sortzea txuri-urdinei, eta amaierara arte saiatu arren, ezin izan dituzte puntuak lortu Sotoburun.
Subizak txuri-urdinak baino hobeto hasi du partida eta hasieratik izan ditu hurbilketa arriskutsuak. Neurketa hasi eta minutu gutxitara epaileak penalti bat adierazi du etxekoen alde, baina Olasagastik Asirónen jaurtiketa gelditzea lortu du. Subizaren erasoek jarraitu dute, eta laster lortu dute lehenengo gola, Gascóni esker. Txuri-urdinen hasiera txarra ez da hor gelditu, etxeko taldeak bigarren gola lortu du eta. Olasagastik ezin izan du aldaratu Brunoren jaurtiketa urruna. Óscar Fernándezen mutilek ondo erantzu dute jasotako golei eta Carrerak txuri-urdinen lehena lortu du, partida bi eta bat bidaliz atsedenaldira.
Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi da. Subizak hamaika metrotatik beste aukera bat izan du. Olasagasti, berriz ere, jaurtiketa gelditzeko gai izan da, lehenengo zatian gertatu den bezala. Etxekoen hirugarrena korner batean iritsi da, Ansoren burukada indartsu batekin. Óscar Fernándezen taldea amaierara arte saiatu da, baina ezin izan ditu aukera garbiak sortu aurkariaren areara hurbildu denean.
Nahiz eta esfortzu handia egin, talde donostiarrak ez du punturik lortu gaur. Datorren asteburuan CD Teruel hartuko du Zubietan.
Fitxa teknikoa:
CD Subiza: Rafa Fernández, Iker G., Jiménez, Asier Benito (Anso, min. 78), Aguinaga (kap), Bruno, Bonel, Asirón (Ibáñez, min. 78), Gascón (Larrión, min. 69), Asier Bonel (Beunza, min. 87) eta Amadoz.
Real Sociedad C: Olasagasti, Peral, Díaz de Alda, Segurola, Torres (Soroeta, min. 66), Eceizabarrena, Arruti (kap) (Arenzana, min. 81), Martín (Astiazarán, min. 66), Otadui, Carrera (Samuyiwa, min. 81) eta Cabo (Olarra, min. 66).
Golak: 1-0: Gascón, min. 11. 2-0: Bruno, min. 14. 2-1: Carrera, min. 21. 3-1: Anso, min. 83.
Epailea: Calvo Valentín. Etxeko Ansori eta kanpoko Arruti, Díaz de Alda eta Martíni erakutsi die txartel horia.