Bernabéun irabaztea gutxiren eskura dagoen erronka izan da beti. Guk bidea ezagutzen dugu. Asteartean balentria errepikatu beharko dugu Errege Kopako Sevillako finalera iritsi nahi badugu. Joaneko partidako porrotak (0-1) duela gutxi lortu genuen zerbait egitera behartzen gaitu. 2020ko titulurako bidean Chamartineko zelaian balentria egin genuen. Bertan, historiarako partida batean, hiru eta lau irabazi eta txapelketako finalerdietarako txartela lortu genuen.
Ez da Real Madrid bere zelaian menderatzea lortu dugun partida bakarra. 1988an, Kopako finalerdietako itzuleran, John Benjamin Toshackek entrenatutako taldeak erakustaldi gogoangarria eman zuen, huts eta lau irabazi eta aste batzuk geroago estadio berean FC Barcelonaren aurka galdu zuen finalera iristeko.
Santiago Bernabéun lortutako garaipen horiek dira, ziur asko, gehien gogoratzen ditugunak. Hala ere, LaLigan beste batzuk ere egon dira, hala nola 18-19 denboraldiko huts eta bikoa, Aihenen debutean, edo bat eta lauko garaipena, 03-04 denboraldiko azken partidan, Xabi Prietoren bi golekin. Beste garaipen bat ere gogoan dugu, Imanol Alguacilek 93-94 denboraldian sartutako golarekin. Asteartean errepikatzea tokatzen da, gure historiaren kapitulu berri bat urrezko letrekin idazteko.