Gure hirugarren taldea bi eta huts nagusitu da Zubietan Gernikaren aurkako derbian. Astiazaranek lehenengo zatian eta Hodei Rodriguezek bigarrenean egindako golek etxean utzi dute garaipena.
Donostiarrak oso bizi atera dira partidara, baloiaren jabetzan nagusituz eta iritsiera arriskutsuren batekin. Minutuek aurrera egin ahala, talde bizkaitarrak hobera egin du, baina txuri-urdinek nagusi izaten jarraitzen zuten. Hala ere, bisitariek izan dute aukerarik argiena, Auzokoak jaurtiketa batekin zutoinean bi aldiz jo duenean. Handik gutxira, Astiazaran lurrera bota dute area barruan eta epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi du. Astiazaranek berak ez du huts egin hamaika metroetatik eta gipuzkoarrak aurretik jarri ditu atsedenaldiaren atarian.
Bigarren zatian, Oscar Fernandezen taldeak lehen zatiko ildo beretik jarraitu du eta bi aukera oso argi izan ditu, baina Garrok eta Gorosabelek ezin izan dituzte aprobetxatu. Behin eta berriz errepikatzeak saria jaso du Hodei Rodriguezek, zelaira sartu berritan, taldeko jokaldi bikain baten ondoren jaurtiketa gurutzatu batekin bigarren gola egin duenean. Kanpoko taldea arriskua sortzen saiatu da azken txanpan, baina etxekoen defentsa sendo mantendu da une oro, garaipena ixteko edozein hurbilketa arriskutsu eragotziz.
Horrela, gure bigarren filialak garaipen garrantzitsu batekin eta sentsazio onak berreskuratuz itxi du lehen itzulia. Gabonetako etenaldiaren ondoren, Zubietara itzuliko dira Izarraren aurka jokatzeko.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad C: Tompa, Garro, Segurola, Díaz de Alda, Olarra, Oleaga, Eceizabarrena (kap), Otadui (Arruti, min. 80), Astiazaran (Martín, min. 80), G. Gorosabel (H. Rodríguez, min. 72) eta Carrera (Arenzana, min. 72).
SD Gernika: San Nikolas, Agirrezabala (Nates, min. 72), Berasaluze (kap), Collante, Seijo, Huete, Barba (Vélez, min. 72), Larrauri, Barck (Baqué, min. 72), Auzokoa (Laka, min. 63) eta Arzalluz (Santolaya, min. 88).
Golak: 1-0: Astiazaran (pen.), min. 42. 2-0: H. Rodríguez, min. 75.
Epailea: Almárcegui Bozal. Txartel horia erakutsi die etxeko Díaz de Alda, Tompa, Garro eta Oleagari eta kanpoko Barba, Agirrezabala, Larrauri, Barck eta Arzalluzi.