SANSE 2-2 BARAKALDO CF

Azken minutuetan ihes egin du

Vídeo

Sansek bina berdindu du Barakaldoren aurka gaur gauean Zubietan. Txuri-urdinek aurrea hartu dute lehen zatian Gotiren bi golekin, baina puntu bakarra lortu dute neurketaren azken txanpan beste bi jaso ostean.

Partidaren hasiera erritmo bizikoa izan da. Donostiarrak nagusi izaten saiatu dira eta horibeltzek presio oso altua egin dute. Lehen aukera argia Mikel Rodriguezentzat izan da, baina bere burukadak langa jo du. Azken txanpan iritsi da Gotiren erakustaldia. Lehen gola, area txikian Ramirezen erdiraketa bat errematatu ondoren, eta bigarrena, Mikel Rodriguezen berreskurapen eta asistentzia baten ondoren eta banakako jokaldi bikain bati esker. Hiru minututan bi gol. Eta atsedenaldira, bi eta huts.

Bigarren zatian, gipuzkoarrek ondo eutsi diete bizkaitarren iritsierei eta hirugarrena egiteko ere aukerak izan dituzte. Gotiren pase sakon baten ostean, Carrera bakarrik geratu da Unai Perezen aurrean, baina atezainak baloia kornerrera bidali du geldiketa bikain batekin. Hurrengo jokaldian, Ruperez area kanpotik gol ikusgarria sartzeko zorian izan da, baina bere eskuinkada gora joan da gutxigatik. Jada azken txanpan, eta neurketa bideratuta zegoela zirudienean, Barakaldok aldea murriztu du Pabloren golari esker, presio altu baten ondorioz Fragari baloia lapurtu ostean. Handik gutxira, korner batean, Muguruzak berdinketa egin du. Etxekoak azken minutuetan erreakzionatzen saiatu dira, baina ez da gehiagorako denborarik izan eta norgehiagoka binakoarekin amaitu da.

Berdinketa gazi-gozoa Sanserentzat, partida ona egin baitu aurkari zuzen baten aurka baina azkenean garaipenak ihes egin baitio ia eskuan zuenean. Datorren astean Amorebietari egingo diote bisita garaipenaren bidera itzultzeko helburuarekin.

Fitxa teknikoa:

Sanse: Fraga, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez (kap.) (Merino, min. 66), Agote (Balda, min. 19), Carbonell, Goti, M. Rodríguez (Astiazaran, min. 77), Ramírez, Marchal (E. García, min. 66) eta Carrera (Orobengoa, min. 66).

Barakaldo CF: Unai Pérez, Deje (Buján, min. 75), Borja García (Muguruza, min. 46), Artetxe, Torre (A. Jelbat, min. 46), Ekaitz (kap.), Huidobro, Pedernales, Isuskiza, J. Martínez (Urki, min. 69) eta Pablo.

Golak: 1-0: Goti, min. 39; 2-0: Goti, min. 42; 2-1: Pablo, min. 83; 2-2: Muguruza, min. 88.

Epailea: Ramo Andrés. Txartel horia erakutsi die etxeko Ruperezi eta kanpoko A. Jelbat eta Pablori.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!