Gaur denboraldiko Amets Baten azken jardunaldia ospatu da Zubietan, Real Sociedad Fundazioak antolatzen duen ekintza arrakastatsua. Tolosako Herrikide Ikastetxeko, Errezileko San Martin Herri Eskolako, Ikaztegietako Herri Eskolako eta Olaberriko Olaberria LHI-ko 151 ikasleek beste urte arrakastatsu bati agur esan diote. Kolore txuri-urdinez, txikienek Amets Bateko edizio honi amaiera bikaina eman diote.
Hainbat taldeetan banatuta, gaztetxoek Zubieta bisitatu dute, Realaren historia eta baloreei buruzko bideoa ikusi dute eta zenbait joko burutu dituzte z4 zelaian. Ondoren, lehen taldearen entrenamendua ikusi dute Jose Luis Orbegozoko harmailetatik eta etengabe animatu dituzte jokalari txuri-urdinak. Behin entrenamendua amaituta, Alberto De la Bella eta Itxaso Uriarte Realeko jokalariak ezagutu dituzte. Arratsaldean Donostiako Aquariuma bisitatuko dute, Real Sociedad Fundazioko babeslea dena, jardunaldia borobiltzeko. Gainera, Anoetako harmailatatik larunbateko CD Leganesen aurkako partida ikusiko dute.
43 ikastoletatik etorritako 2.045 neska-mutil instalazio txuri-urdinetatik pasa dira eta jardunaldiak Donostiako Aquariumean eta Anoetan taldea animatzen borobildu dituzte. Kirola, heziketa, sentimendu txuri-urdina eta ezagutza nagusi izan dira. Hamabost egunetik behin, Zubietan usain gozoa egon da txikienen poztasunarekin.