Festa kalean ‘Bertso Derbiarekin’

Eguerditik festa giroa bizi da Bilboko kaleetan Bertso Derbiaren zortzigarren edizioarekin. Athletic Club Fundazioa, Real Sociedad Fundazioaren laguntzarekin, Athletic Club eta Realaren zale diren bertsolarien arteko ‘derbi’ klasikoa antolatu du. Kasu honetan, aurreko urtean Bilbon ospatu zen bezala, antzerkian egin beharrean, ‘Bertso Debia’ kalera atera da eta ibilbide polit bat egin du arratsaldeko partida hasi aurretik. Zortzigarren edizio honetan lau bertsolarik parte hartu dute: Andoni Egaña eta Oihana Iguaran, Realaren taldean, eta Angel Peñagarikano eta Jone Uria, Athletic Club-aren taldean. Oxabi Erromeri Taldea ere bertan izan da. Plaza Berritik atera, ‘Bertso Derbia’ San Mamesera gerturatu da. Han, 15:20ak aldera, Licenciado Poza aldera begiratzen duen LED pantailaren beheko aldean (22 atean), parada berri bat egon da. Azkenik, Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña San Mames zelaian egon dira, partidaren aurretik. Kirola eta kultura uztartzeko ahalegina egin nahi da. Athletic Club eta Realaren Fundazioek gizalegezko futbol zaletasunaren alde egindako ahalegina da ‘Bertso Derbia’, taldeen arteko lehiatik haratago kirolak eta kulturak batu egiten gaituztela sinetsita. Horrez gain, Athletic Club eta Realaren Fundazioek euskararen normalizazioan egiten duten ahaleginean kokatzen da ‘Bertso Derbia’. Gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromisoan sakontzeko balio du. Gaurko Bertso Derbian Andoni Iraola, Real Sociedad Fundazioaren zuzendaria, Joseba Ibarburu, Realeko kontseilaria eta Real Sociedad Fundazioaren ordezkaria, Ricardo Mendiguren, Athletic Club Fundazioko zuzendaria, eta Izaskun Kortajarena eta Jokin Garatea, Athletic Clubeko zuzendaritzatik, izan dira.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!