REAL SOCIEDAD 2-0 FC BADALONA WOMEN

Guztiz merezitakoa

Vídeo

Realak beste garaipen bat lortu du ligan, gaur arratsaldean Badalona Women mendean hartuta Zubieta Estadioan (2-0) eta ostegunean Kopako final-laurdenetan jasotako porrotaren mendekua hartuta. Txuri-urdinak askoz hobeak izan dira 90 minutuetan zehar, baina azken jokaldira arte itxaron behar izan dute behin betiko gola egin eta ospatu ahal izateko.

Donostiarrak jaun eta jabe izan dira lehen zatian, jokoa hasieratik menderatuz eta kontrolatuz. Ordu laurdena bete bezain laster, gipuzkoarrek aurrea hartu dute markagailuan: Intzak pasea eman, Aiarak erdiratu, Lavogezek errematea egin, atezainak gelditu eta aldaratzea berak aprobetxatu du baloia sare barrura bultzatzeko. Txuri-urdinek bigarrenaren bila jarraitu dute eta berriro ere Lavogezek gertu izan du atsedenaldira iritsi aurretik zutoinean jo duen erdiraketa oso arriskutsu batekin.

Gipuzkoarrek berdin jarraitu dute aldageletatik igaro ostean. Intza markagailuko aldea handitzeko zorian egon da, baina bere ezkerkadak kornerrera urrundu du Nerea atean sartu aurretik. Korner horretan, donostiarrek bigarrena sartzea lortu dute Cubedok baloia bere atera desbideratu ostean, baina epaileak berak bakarrik ikusi duen ustezko falta bat adierazi du atezainarengan. Abaguneak gero eta sarriago iritsi dira: Cubedok atepetik ateratzen duen Intzaren buruz burukoa, atezainak azken momentuan urruntzen duen Andreiaren errematea, portugaldarraren beste eskuinkada bat area aurrealdetik oso gutxigatik kanpora joaten dena... Gainera, azken txanpan, Irinak sustoa eman die txuri-urdinei area kanpotik egindako erremate indartsu batekin, langa gainetik joan dena. Eskerrak. Azken jokaldian, Nereak, bakarkako ekintza izugarri batean, partida erabakita utzi du gol eder batekin.

Beste garaipen bat ligan hirugarren postuan jarraitzeko eta jarraitzaileekiko abantailari eusteko. Orain, derbiaren bila Lezaman. Hori datorren igandean izango da. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: J. Arrula, Emma (Arola A., min. 62), Lucía, Florentino, Moraza (kap.), P. Fernández, Cahynová, Aiara (Cecilia, min. 91), Lavogez (Andreia, min. 62), Intza (N. Eizagirre, min. 76) eta L. Pardo (Mirari, min. 76).

FC Levante Badalona Women: María, Itzi, Nerea C. (Aina Meya, min. 85), C. Cubedo, S. Majarín (kap.), Barclais (Junge, min. 85), Lorena (Kullashi, min. 79), Paula (Jankovska, min. 62), E. Julve, Banini (L. Chamorro, min. 46) eta Irina.

Golak: 1-0: Lavogez, min. 15; 2-0: N. Eizagirre, min. 96.

Epailea: María Gloria Planes. Txartel horia erakutsi die etxeko P. Fernández eta Morazari eta kanpoko Cubedo, E. Julve, Jankovska eta Irina.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!