KORNER, KULTURA & FUTBOL FESTIBALA

Arratsaldean hasiko da

Kulturaren eta futbolaren arteko harremanak aztertzen dituen Korner festibalak laugarren edizioa ospatuko du ekainaren 1etik 5era. Festibala dataz aldatzen da. Aurreko hiru edizioetan otsailean ospatu zen, baina pandemiak atzeratzera behartu gintuen. Data berri hauek, futbol egutegiaren barruan, denboraldiaren amaierara garamatzate, eta Korner denboraldi honen amaiera ona izan daiteke, hain berezia denontzat eta, bereziki, Realarentzat, baita duela hilabete eskas lortutako Kopa tituluagatik ere

Laugarren edizio honek protagonista argia du: zaleak. "Futbolaren bihotza" lelopean, jaialdiak omenaldia egingo die pandemiaren garaian zelaira joan ezin izan duten zaleei, eta kaleetan eta plazetan bildu ezin izan direnei, euren taldeak jarraitu eta animatzeko, Realak Kopa irabazi duenean gertatu den bezala.

Korner futbola bizitzeko dauden modu desberdinetara hurbilduko da umorea, liburuak, zinema edo argazkilaritza barne hartzen dituen programa batekin, beti ere kulturarekiko eta futbolarekiko interesa duen publiko zabalari begira.

Jaialdiak hitzaurre berezia izango du: Zuhaitz Gurrutxaga aktore eta Realeko jokalari ohiaren FutbolisTOC bakarrizketa. Umorez, futbolari profesional gisa izandako bizipenak eta pasadizoak ekarriko ditu gogora, eta, aldi berean, ordutik pairatzen ari den Nahaste Obsesibo Konpultsiboari buruz arituko da. Maiatzaren 13, 14 eta 15ean izango da Antzoki Zaharrean. Azpimarratzekoa da bakarrizketa arrakastatsu honen jatorria Zuhaitz Gurrutxagak Kornerren aurreko edizioan, 2020an, eskaini zuen emanaldi batean dagoela.

Ondoren, ekainaren 1etik 5era bitartean, futbola bizitzeko moduak jorratuko dituzte hogei bat gonbidatuk. Parte hartzaileen artean Manuel Jabois, Lucia Taboada, David Trueba, Karlos Arguiñano eta Iñaki Gabilondo, edota Lopez Ufarte, Bixio Gorriz edo Ernesto Valverde bezalako futbolari ohiak egongo dira.

Jaialdia ekainaren 1ean hasiko da Antzoki Zaharrean, Libros del ko argitaletxearen Hooligans Ilustrados bildumako bost egileren arteko eztabaidarekin. Ekimen hori aitzindaria da hainbat futbol talderen idiosinkrasiak modu sortzailean eta atseginean jorratzeko orduan. Enrique Ballester, Ander Izagirre, Manuel Jabois, Marta San Miguel eta Lucia Taboada izango dituzte solaskide. Aurretik, Fever Pitch filma proiektatuko da, Nick Hornby idazlearen Fiebre en las gradas nobelaren adaptazio zinematografikoa.

Ekainaren 2an, Antzoki Zaharrean ere, Karlos Arguiñano, Iñaki Gabilondo, Roberto Lopez Ufarte eta Bixio Gorriz, Ruth Perez de Anucita moderatzaile dutela, Realeko zale izateak bakoitzarentzat zer esan nahi duen eztabaidatuko dute, Realak Errege Kopa irabazi berri duela eta Ligako lehen titulua lortu zutenetik 40 urte bete direla kontuan hartuta.

Kornerrek, lehen ediziotik, sorkuntza bultzatzearen aldeko apustua egin du, eta aurten konpromiso hori berritu du bi proiekturekin. Ekainaren 3an, Ernest Lluch Kultur Etxean, Ernesto Valverderen Beste aldea/El otro lado argazki erakusketa inauguratuko da, Real Sociedad Fundazioak eta Athletic Club Fundazioak ekoitzia. Formatu handiko hogei argazki dira, eta Valverdek hainbat herrialdetako zaleak erretratatzen ditu, futbol munduko entrenatzaile den aldetik.

Inaugurazio ekitaldian Valverderen eta David Trueba idazle eta zinema zuzendariaren arteko solasaldia izango da. Erakusketa Ernest Lluch Kultur Etxean izango da ikusgai irailaren 4ra arte.

Ez da hori izango jaialdiko erakusketa bakarra. Maiatzaren 21etik ekainaren 6ra bitartean, Txapeldunak!!! Boulevardean, Realak bere historian irabazitako lau Kopen inguruko argazki eta testuak ikusi ahal izango dira: 1909, 1987 eta 2020 gizonezkoen taldeak, eta 2019 emakumezkoen taldeak. Gainera, photocall gune bat egongo da 2019an eta 2020an txapeldun izan ziren taldeen irudiekin argazkiak ateratzeko.

Aurten ere Kornerrek bere Monologolak berreskuratuko ditu. Ekainaren 4an, Antzoki Zaharrean berriz ere, Real Sociedad Fundazioak ekoitzitako ikuskizun honen txanda izango da. Andoni Agirregomezkortak eta Getari Etxegaraik (euskaraz) eta Miriam Cabezak eta Raul Perezek (gaztelaniaz) umorez eta ironiaz jantzitako bakarrizketak interpretatuko dituzte. 

Raul Perez imitatzailearen parte-hartzea oso berezia izango da, Imanol Alguacil Realeko entrenatzailearen imitazio aparta egingo baitu.

Jaialdiak oso jardunaldi berezia izango du ekainaren 5ean Chillida Lekun. Bisitariek doako bisita gidatua izango dute museoan eta ondoren Galder Reguera eta Carlos Marañon idazleen arteko solasaldia izango da. "El fútbol comom una de las bellas artes" futboletik abiatuta literaturaz, zinemaz, arteaz, musikaz eta bizitzaz hitz egin daitekeela erakusteko modu bat izango da.


Gonbidapenak eta sarrerak

Jarduera guztiak doakoak dira edukiera bete arte, FutbolisTOC eta Monologolak izan ezik. Gonbidapenak eta sarrerak jaialdiaren webgunean (www.korner.eus) eta Donostia Kulturako leihatiletan eros daitezke maiatzaren 24tik aurrera. FutbolisTOCen kasuan, dagoeneko salgai daude  Donostia Kulturaren leihatiletan eta webgunean.

Ernesto Valverde eta David Truebaren arteko solasaldiaren kasuan, gonbidapenak Ernest Lluch Kultur Etxean eskatu behar dira ([email protected] / 943481919).

 

Deskarga ezazu hemen Kornerren programa.

Sakatu hemen Kornerren teaserra ikusteko.

Informazio guztia www.korner.eus webgunean.


MONOLOGOLAK ikuskizunaren zozketaren oinarri arautzaileak

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!