ZKEren 75. urteurrena

Reala-Alaves, lehen ekitaldia berezia

2019. urtea gorriz markatuta ageri da Zarautz Kirol Elkarteko (ZKE) bulegoetan. Ez da nolanahiko marka, gainera; izan ere, klubak urte horretan beteko ditu bere platinozko ezteiak. Historiaz betetako 75 urte, klubaren jaiotza egunetik, 1944ko otsailetik.

Hori horrela, datorren abuztuaren 8an, arratsaldeko 19.00etan, Astiko futbol zelaian ospatuko du ZKE-k 75. urteurrenaren lehen ekitaldi berezia: Reala eta Alavesen arteko futbol partidua. Sarrerak partidua baina bi ordu lehenago jarriko dira salgai Astin, 15€ harmailetan eta 10€ orokorra. 

“Partidua 75. urteurrenaren lehen harria izango da, 2019an egingo diren ekitaldi bereziei hasiera emango diena. Gure asmoa da urte amaierarako 2019ko programa zehaztua aurkeztea. Zarauztar eta inguruko herritar guztiei urteurren honetan parte hartzera animatzen diegu” azaldu du Esteban Collantesek, ZKE-ko lehendakariak.

“Plazer bat da Reala eta Alaves bezalako lehen mailako bi taldek gure zelaian partidua jokatzea. Kirol ikuskizunaz haratago, denok gozatuko dugun festa handi bat izango da partidua”, zehaztu du Luis Azkoagak, ZKE futbol saileko lehendakariak.

“Oso pozik gaude Gipuzkoako erreferente den klub baten 75. urteurreneko ospakizunetan parte hartzeaz”, nabarmendu du Joseba Ibarburu, Realeko lehendakariordeak. Halaber, Ibarburuk ez du alde batera utzi nahi izan prestakuntzan Lehen Mailako talde baten aurka jokatuko duten partiduak duen garrantziaz, lehiaketan bete betean barneratzeko bi aste baino gutxiago geldituko dira eta. “Asti zelai eta leku bikaina da horretarako”, gehitu du.    

 

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!