Realak denboraldiko bosgarren garaipena lortu du Real Racing Club taldeari 2-0 irabazi ondoren. Txuri-urdinak partida hasi bezain laster lortu dute lehen gola eta bigarren zatian sententziatu dute hiru puntuak etxean uzteko.
Intentsitate handiarekin hasi du partida Realak eta bigarren minutuan lortu du aurreratzea markagailuan, Chaconek Racingeko atezainaren aurrean bikain definitu ondoren. Hortik aurrera, partida orekatu egin da eta bi taldeak aukerak sortzen saiatu dira. Santandergo taldeak izan du aukerarik argiena, baina Lucumiren jaurtiketak langa jo du. Gorka Álvarezen taldea nagusi izan da lehen zatiko azken minutuetan eta abantailarekin iritsi da atsedenaldira. Atsedenaldiaren ondoren, bi taldeen artean maila parekatua mantendu da, baina, Agirrezabalaren erdiraketa oso on baten baliatuz, 58. minutuan Etxartek etxekoen abantaila handitzea lortu du area txikian egindako erremate batekin. Hortik aurrera, Reala sendo mantendu da atzean eta hirugarren gola bilatu du. Isasisasmendik hirugarren gola sartzeko aukera izan du, baina bere jaurtiketa indartsua Reina atezainak gelditu du. Racing aldea murrizten saiatu da eta aukera paregabea izan du, baina Canalen jaurtiketa desbideratuta joan da.
Denboraldiko bosgarren garaipena Realarentzat. Txuri-urdinek Zubietan galdu gabe jarraitzen dute eta sailkapeneko seigarren postura igo dira. Datorren astean sentsazio onak berresteko aukera izango dute Fundació UE Cornellàren aurkako partidan.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad B: Arrula, Uranga [Etxebeste, min. 46 (Aramburu, min. 58)], Solozabal, Azpirotz, Agirrezabala, Santana, Lezeta, Isasisasmendi, Egiguren (Arruebarrena, min. 81), Chacón (Losada, min. 81) eta Etxarte (Zunzunegi, min. 60).
Real Racing Club: Reina, Ortiz, Gómez (Del Mar, min. 60), Corbacho, Hernández, García, Lucumi (Torralba, min. 90), Calvo, Gutiérrez, Ordax (Ruiz, min. 81) eta Canal (Luzuriaga, min. 90).
Golak: 1-0: Chacón, min. 2. 2-0: Etxarte, min. 58.
Epailea: Arregui Gamir. Txartel horia erakutsi die etxeko Lezeta eta Azpirotzi eta kanpoko Reinari.