Gure hirugarren taldeak hiru puntu garrantzitsu lortu ditu Deportivo Aragónen aurka bat eta bi irabazi ondoren. Txuri-urdinek partida oso ona jokatu dute eta merezitako garaipena eskuratu dute. Lehen garaipena da etxetik kanpo, izan ere, orain arte irabazitako partidak Zubietan izan ziren.
Partidaren hasiera parekatua izan da. Bi taldeek baloiaren jabetza mantendu nahi izan dute. Kanpokoen lehenengo iritsiera arriskutsuan, Astiazaranek bolea eder batekin lehen gola egin du. Aragoiko taldea erreakzionatzen saiatu da eta bi aukera argi izan ditu, baina Jimenezen bi geldiketa oso onek berdinketa ekidin dute. Oscar Fernándezen taldea sendo mantendu da defentsan eta atsedenaldira abantailarekin iristea lortu du.
Bigarren zatian, txuri-urdinak oso gogotsu atera dira golaren bila, eta saria 47. minutuan aurkitu dute, Oleagaren urruneko jaurtiketa batek defentsa batean jo eta sare barrura sartu denean. Etxekoek aldea murriztea lortu dute, Yohak Mañasen jaurtiketa baten aldaratzea aprobetxatu ondoren. Hortik aurrera, filial zaragozarrak gorantz egin du berdinketaren bila eta aukera argiak izan ditu, baina Jimenezen geldiketa ikusgarriek etxekoen bigarren gola eragotzi dute.
Garaipen garrantzitsua lortu du Real C-k, lehenengoa etxetik kanpo. Azken asteetan utzitako sentsazio onei jarraipena ematea lortu du talde donostiarrak. Datorren astean Deportivo Alavés B jasoko dute Zubietan. Goazen!
Fitxa teknikoa:
Deportivo Aragón: Calavia, Sabater, Recasens, Barrachina, Boaz, Terrer, Vacas (López, min. 46), Aragüés (Koné, min. 77), Cortés (Linares, min. 77), Yoha (Pinilla, min. 62) eta Mañas.
Real Sociedad C: Jiménez, Garro, Díaz de Alda, Ropero, Olarra, Oleaga, Astiazarán (Gorosabel, min. 90), Eceizabarrena (Martín, min. 86), Samuyiwa (H. Rodríguez, min. 71), Otadui (Arruti, min. 71) eta Cabo (Arenzana, min. 71).
Golak: 0-1: Astiazarán, min. 17. 0-2: Oleaga, min. 47. 1-2: Yoha, min. 60.
Epailea: Arenas Mora. Txartel horia erakutsi die etxeko Vacas eta Lópezi eta kanpoko Otaduiri.