KULTURA ETA FUTBOLA LOTZEN DITUEN FESTIBALA

Korner-en bigarren edizioa

Itzuli da Korner, Kultura & Futbol festibala. 2018ko estreinaldi arrakastatsuaren ostean, Donostia Kultura eta Real Sociedad Fundazioak batera antolatutako festibal honen bigarren edizioa otsailaren 4tik 10era izango da.

Korner-ek kultura eta futbolaren arteko elkargunea izan nahi du, baita bi alorrekin erlazionatutako gaiei buruz eztabaidatzeko foro bat ere. Programa zabal bat osatuko dute hitzaldi, proiekzio, erakusketa eta proposamen eszenikoek kulturaren eta futbolaren arteko konexioak hainbat ikuspuntutatik lantzeko, publiko zabala kontuan izanda beti.

Bigarren edizio honetan, Korner jaialdiari hasiera eta amaiera ematen dioten asteburuetan derbiak izango dira Anoetan: gizonezkoen eta emakumezkoen derbiak Real Sociedaden eta Athletic Cluben artean. Hori dela eta, derbia da Korner-eko egitarauaren ardatz nagusia.

Derbiek Korner-ek islatzen duen futbol eredu ona areagotzen dute. Ziur aski ez baita izango pasio handiagoko partidarik. Partida horietan taldearen, klubaren eta zaleen arteko lotura ezin estuagoa da, eta futbolak orduan erakusten du bere betiko izaera: futbola baino zerbait gehiago da, kulturan eta gizartean eragiten duen fenomeno kolektibo bat da eta biek gero eta erlazio gehiago dituzte futbolarekin.

Korner-ek aurten hitzaurre oso berezi bat izango du: Bertso Derbia. Hiru bertsolari realzalek (Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran) eta beste hiru bertsolari athleticzalek (Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Xabi Paya) bertso derbia izango dute otsailaren 3an, Antzoki Zaharrean, 18:00etan.

Real Sociedad Fundazioak eta Athletic Club Fundazioak sustatutako ekimen honen hamahirugarren edizioa izango da. Hori dela eta, jarraitzaile ugari eta giro ezin hobea duen hitzordu kultural bihurtu da. Sarrera librea da edukiera bete arte. Gonbidapenak Donostia Kulturaren leihatiletan eta Realaren dendatan eskuratu daitezke urtarrilaren 22tik aurrera.

Kultura eta futbolaren arteko lotura honen beste adibide on bat izango da Korner-en bigarren edizio honetako jarduerarik garrantzitsuenetako bat: Kukai Dantza taldeak Kirol legez / Fair Play lana aurkeztuko du lehen aldiz. Lan hau Real Sociedad taldeak eta, Jon Maya buru duela, dantza taldeak elkarlanean sortu duten proiektu oso berezi bat da. Hori guztia mamitzeko, dantza taldeak klubeko gizonezkoen lehen taldearekin entrenamenduak eta guneak partekatu ditu Zubietan.

Kirol legez / Fair Play dantza eta futbolaren arteko elkarrizketa bat da eta lehen aldiz ikusi ahal izango da Tabakalerako Patioan otsailaren 9 eta 10ean, futbol zelai oso berezi baten antza duen gune eszeniko batean. Lau emanaldietan, bakoitzean (bina emanaldi larunbatean eta igandean, hurrenez hurren, hilak 9 eta 10ean), 200 eserleku izango dira. Sarreraren prezioa 8 eurokoa izango da, eta Donostia Kulturaren webgunean eta leihatiletan eskuratu daitezke urtarrilaren 17tik aurrera.

Era berean, bigarren edizio honetan, zinea ere presente izango da, bi pelikula emango baitira otsailaren 5ean, Antzoki Zaharrean. 17:30ean, zinearen eta futbolaren pelikula klasiko bikain bat ikusi ahal izango da: Ihesa ala garaipena, John Huston zuzendariarena. Pelikula mitiko honetan parte hartu zuten, besteak beste, Pelé, Stallone, Michael Caine edo Max von Sydowk eta, denborak aurrera egin ahala, pelikula hau harribitxi bihurtu da; izan ere, hainbat belaunaldiren memorian grabatu ditu nazien eremu batean atxilotuta dagoen soldadu aliatu talde baten gorabeherak, besteak beste, kartzelariekin futbol partida bat jokatzea.

Cinemanía aldizkariaren zuzendari eta Un partido de leyenda. Historia de Evasión o victoria liburuaren egile Carlos Marañonek eta Begoña del Teso kazetariak pelikula aurkeztuko dute elkarrizketa labur baten bidez.

Horiek biek aurkeztuko dute, halaber, egun horretako bigarren pelikula, 20:00etan: Diamantino, Gabriel Abrantes eta Daniel Schmidt zuzendariena. Pelikula hau 2018koa da, nazioarteko hainbat jaialditan sariak jaso ditu eta berriki Zinearen Europako Sarietan Komedia Onenaren sarirako izendatu dute.

Pelikulak “Diamantinoren”, futboleko mundu izar baten, porrota kontatzen du; bere karrera utzi behar baitu belauneko lesio baten ondorioz.

Bi pelikulak jatorrizko bertsioan emango dira gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrera librea da, antzokiaren edukiera bete arte. Gonbidapenak Donostia Kulturaren leihatiletan eta Realaren dendatan eskuratu daitezke urtarrilaren 17tik aurrera.


3 │ IGANDEA │ OTSAILA

18:00 │Antzoki Zaharra │ EU

XIII. BERTSO DERBIA

Antolatzaileak

Real Sociedad Fundazioa, Fundación Athletic Club

Laguntzaileak

IES Usandizaga BHI, Donostia Kultura

Sarrera librea da edukiera bete arte. Gonbidapenak Donostia Kulturaren leihatiletan eta Realaren dendatan eskuratu daitezke urtarrilaren 22tik aurrera.

 

5 │ ASTEARTEA │ OTSAILA

17:30 │Antzoki Zaharra  

VICTORY (IHESA ALA GARAIPENA)

ZUZENDARIA

JOHN HUSTON

USA, 1981. 116’

JB gaztelaniazko azpitituluekin


20:00 │Antzoki Zaharra

DIAMANTINO

ZUZENDARIAK

GABRIEL ABRANTES & DANIEL SCHMIDT

Portugal, Brasil, Frantzia, 2018. 96’

JB gaztelaniazko azpitituluekin

Sarrera librea da edukiera bete arte. Gonbidapenak Donostia Kulturaren leihatiletan eta Realaren dendatan eskuratu daitezke urtarrilaren 17tik aurrera.


9 │ LARUNBATA │10 IGANDEA │ OTSAILA

9 Larunbata: 18:00 + 20:00

10 Igandea: 17:00 + 19:00

Tabakalera – Patioa │ Iraupena 35’ │ Sarrera 8 €

KIROL LEGEZ / FAIR PLAY

KUKAI DANTZA

FITXA ARTISTIKOA 

Zuzendaritza artistikoa: Jon Maya Sein 

Koreografia: Jon Maya Sein eta dantzariak / y bailarines
Dantzariak: Alain Maya, Ibon Huarte, Leire Otamendi, Martxel Rodriguez, Urko Mitxelena.
Musikariak: Zigor Lanpre, Iñaki Telleria
Jantzien diseinua: Iraia Oiartzabal
Argiztapena: David Bernues 

Prezioa: 8 euro.

Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eta leihatiletan eskuratu daitezke urtarrilaren 17tik aurrera.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!