KULTURA ETA FUTBOLA BATZEN DITUEN FESTIBALA

Korner bueltan da

Kornerrek, Real Sociedad Fundazioak antolatutako jaialdiak, kultura eta futbola uztartuko ditu ekainaren 4tik 8ra bitartean Donostiako hainbat gunetan egingo den zazpigarren edizioan.

Festibal berezi honek kulturalen eta futbolaren arteko harremanak aztertzen ditu, solasaldiak, proposamen eszenikoak, erakusketak eta jarduera ludikoak barne hartzen dituen programa baten bidez.

Programazioaren aurrerapen gisa, festibalak iragarri du aurten protagonismo berezia izango duela Eduardo Chillidarentzat. Donostiar artista handia Realeko atezaina izan zen gaztetan, eta behin baino gehiagotan adierazi zuen esperientzia horrek artearen ikuskeran duen garrantzia. Real Sociedad Fundazioak eta Chillida Lekuk indarrak batu dituzte harreman hori aztertzeko, eskultorearen jaiotzaren mendeurrena betetzen denean.

Era berean, Kornerrek bere atal arrakastatsuenetako baten aldeko apustua egin du berriz ere: Monologolak/Monologoles, futbolaren mundua eta inguruko guztia umorez jorratzen duena. Oraingoan Jon Plazaola aktorea da Mikatza izenburupean euskarazko bakarrizketak koordinatzen eta aurkezten dituena. Bakarrizketa horiek espresuki jaialdirako sortu dira eta ekainaren 7an, ostirala, Antzoki Zaharrean gozatu ahal izango dira. Kepa Errasti eta Getari Etxegarai aktoreek laguntzen diote Plazaolari.

Mikatzarako sarrerak 18 €balio du eta dagoeneko salgai daude Donostia Kulturako leihatiletan, bere webgunean (www.donostiakultura.eus) eta Kornerren webgunean (www.korner.eus).

Jaialdiaren egitarau osoa maiatzaren amaieran iragarriko da.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!