Gaur goizean aurkeztu da Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 48. edizioa. Realeko Urpeko Atalak urtero antolatzen duen bezala, CIMASUB 2024-k nazioarteko erreferentzia izaten jarraitzen du itsaspeko munduaren zale guztientzat. Gaur goizean aurkeztu da Donostiako Aquariumean, eta aurten ere Real Sociedad Fundazioaren laguntza izango du. Bertan parte hartu dute David Sánchez Carreterok, CIMASUBeko zuzendariak, José Ignacio Espelek, Aquariumeko presidenteak, Isaac Palenciak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria zuzendariak, Miriam Ocak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Saileko Ingurumen Administrazioaren zuzendariak, Jon Insaustik, Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotzi ordezkariak, eta Ainara Mugak, Real Sociedad Fundazioko proiektuen arduradunak.
Aurtengo leloa ‘Irudi bakoitza, konpromiso bat; begirada bakoitza, aukera bat’ da, ozeanoen esentzia harrapatzen duten argazkilari eta zinemagileen dedikazioa sinbolizatzen duena, ozeanoen zaintzarekiko konpromisoa hartuz. Sortzaile horientzat, irudi bakoitza erantzukizun ekintza bat da, itsas ekosistemen edertasuna eta zaurgarritasuna erakusten diguna; publikoarentzat, berriz, begirada bakoitza aukera bat da kontzientzia hartzeko eta ingurumenaren alde jarduteko.
CIMASUBen proiekzioak Antzoki Zaharrean egingo dira azaroaren 21, 22 eta 23an, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Sarrerak leihatilan jaso ahal izango dira proiekzioen egunetan, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara. Hiru jardunaldi horietan itsas munduaren hainbat alderdi aztertuko dira film laburren eta dokumentalen bidez.
Azaroan zehar, jaialdiak hainbat argazki erakusketa eskainiko ditu Donostiako Aquariumeko Nautilus Aretoan (azaroaren 11tik abenduaren 8ra), Garbera Merkataritza Gunean (azaroaren 11tik 24ra) eta Kirol Etxean Reale Arenan (azaroan zehar). Erakustaldietan itsas espezie paregabeak eta urpeko paisaiak erakutsiko dira, ozeanoetako txoko harrigarrienetara eramango gaituztenak.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta, Itsapeko Txikizikloa, CIMASUB 2024ren jarduera nabarmenetako bat, Donostiako Aquariumeko auditorioan egingo da azaroaren 18tik 22ra bitartean. Hezkuntza ziklo honek 600 haur baino gehiago bilduko ditu itsasoko biodibertsitatea ezagutzeko eta ozeanoak babestearen garrantziaz ikasteko, proiekzio eta hitzaldien bidez.
Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak inspirazio eta hezkuntza iturria dela erakutsi du, milaka pertsona ozeanoekiko eta itsas bizitzarekiko maitasunaren inguruan bilduz. Urpeko edertasuna zaintzeko eta sustatzeko konpromisoak gorantz jarraitzen du.
Informazio guztia, hemen.