Igandean Hernaniko Biteri Kultur etxean

Bertso Derbia bueltan da

Real Sociedad Fundazioak Bertso Derbiaren XVII. Edizioa antolatu du Athletic Fundazioaren, Hernaniko Udalaren eta Usandizaga Institutuaren Diseinu Grafiko Zikloaren laguntzarekin. Reala eta Athletic fundazioek gizalegezko futbol zaletasunaren alde egindako ahalegina da Bertso Derbia. 

Urriaren 31ean, igandean, Reale Arenan jokatuko dute Realak eta Athleticek ligako partida gaueko 21.00etan. Aurretik, ordea, eguerdian, 12.00etan Hernaniko Biteri Kultur Etxean bertso saioa izango da.

Reala: Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio.

Athletic: Igor Elortza, Onintza Enbeita eta Jone Uria.

Amaia Agirre bertsolaria izango da  gaiak jarriko dizkiena sei bertsolariei. 

Sarrera doan izango da. Dagoeneko sarrerak eskuragai daude Hernaniko Biteriko Kultur Etxean  edo, bestela, www.bertsosarrerak.eus atarian. Realaren denda ofizialetan (Elkano Kalean eta Reale Arena Estadioan) asteazkenetik aurrera lortu ahal izango dira.

Erritmoan lemapean landu dute Usandizaga Institutuko ikasleek (www.usandizaga.com/design/) Bertso Derbia iragartzen duen kartela. Erritmoan oinarritzen dira biak: baloia darabilte jokalariek; bertsolariek, berriz, hitza dute instrumentu. Izan ere, jokaldia gisa sortzen dira esaldiak eta bertsoak. Erritmoak bai batean eta bai bestean guztiz baldintzatzen du jarduera.

Kirola eta kultura uztartzeko ahalegina da Bertso Derbia. Horretarako, zaleek kalean bistaratzen duten festa giroan barneratuko da goizetik hitzaren jaia. Aurten oraindik pandemiak eraginda, zuhurtasun handiz eta bete beharreko neurri guztiak hartuta.

Taldeen arteko lehiatik haratago kirolak eta kulturak batu egiten gaituztela sinetsita. Horrez gain, Reala eta Athletic Club Fundazioek euskararen normalizazioan egiten duten ahaleginean kokatzen da Bertso Derbia. Gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromisoan sakontzeko balio du.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!