Dena prest dago #ELKARRION Futbol Inklusiboaren IV. Saria-rako, Real Sociedad Fundazioak antolatu duena ATZEGI-rekin (Gipuzkoako Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundea) eta CIE Automotiveren laguntzarekin eta datorren maiatzaren 1ean, asteartean ospatuko dena Zubietako instalazioetan. Eguerdian izan da ekimen honen aurkezpena, non Andoni Iraola, Real Sociedad Fundazioaren zuzendaria, Luki Iriarte, Realeko Harrobiko Futboleko Zuzendaria, Patricia Ayo, ATZEGI-ko kidea, eta Aitor Zazpe, CIE Automotiveko ordezkaria izan diren.
"Ilusio bezala hasi zen eta dagoeneko errealitatea da, sendotzen ari den errealitatea. Bere izenak esaten duen bezala, ELKARRION-ek onura handia egiten digu guztioi", adierazi du Andoni Iraolak. Iaz bezala, ATZEGI eta Realeko harrobiko jokalariak parte hartzeaz gain, Intxurre, Danena, Tolosa eta Hernani klub konbenituetako neska-mutilek ere hartuko dute parte. “Urteko egunik politenetakoa da”, amaitu du Iraolak.
#ELKARRION Futbol Inklusiboaren IV. Sari hau 4x4ko txapelketa bat izango da, non talde bakoitzean ATZEGI-ko jokalariak eta Realeko eta aipatutako klub konbenituetako jokalariak egongo diren, nahastuta. Txapelketan parte hartzen duten guztiek baldintza berak izango dituzte eta arau berak. Modu honetan, kirol egokitua eta "normalizatutako" kirola banatzen dituzten oztopoak apurtzen dira, eta espazio komun bat sortzen da, zeinetan kirolari guztiak baldintza beretan bizikide diren. Arau bakarra, uneoro ATZEGI-ko bi jokalari zelaian egotea.
Patricia Ayoren hitzetan, "futbolarekiko zaletasuna partekatzeko eguna da, kirola modu desberdin batean ikusteko aitzakia, balore eta esperientziak partekatzeko modua. Oso harro gaude txapelketak horrelako garrantzia hartu duelako”.
Luki Iriartek, bere aldetik, "egun hau, Kirol Egokituko Federazioarekin egiten ditugun beste ekintzekin batera, oso garrantzitsua da gure gazteentzat. Oso gustora hartzen dute parte”, aipatu du.
Aitor Zazpek, bestalde, hitz hauek esan ditu: “Guztiok dugu zerbait berezia bestei erakusteko. CIEri pertsonengana hurbiltzea gustatzen zaio eta hau topaketa ezinhobea da horretarako”.