Jarduera sozialak

Fundazioak jarduerak programatu eta horietan laguntzen du, gipuzkoar gizartean elkartasuna, gizarteratzea, genero-berdintasuna, euskara, ingurumenarekiko errespetua... bezalako balioak sustatzeko. Jarduera horien xedea da gure erkidegoak islatzen dituen balioekin bat datorren gizarte bat eraikitzeko beharrezkoa den inpaktu soziala eragitea.

Euskara

Gure xedeen artean daude euskara defendatzea eta haren erabilera sustatzeko programak eta jarduerak prestatzea. Euskara Plan bat daukagu, eta urteak daramatzagu hura ezartzeko lan egiten. Zubietan, gure taldeek euskaraz jarduten dute ahal dela. Gainera, Kilometroak, Korrika eta Herri Urrats ekintzetan parte hartzen dugu dugu, eta euskararen erabilpena sustatzeko prestakuntza-ikastaroak eman dizkiegu monitoreei.

Inklusioa

Sorrera-helburu nagusietako bat da gipuzkoar guztiei kirola egiteko aukera ematea, batik bat gaztetxoenei. Biztanle guztiek kirola praktikatzeko eskubidea eduki behar dute, haien gaitasunak eta ezaugarriak edozein direla ere. Baita mota guztietako desgaitasunak dituzten pertsonek ere. Horregatik, hitzarmenak ditugu Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin, Kirol Egokituaren Euskal Federazioarekin eta ATZEGIrekin, eta, horien bidez, guztiei kirola egiteko aukera emango dieten programen garapenean parte hartzen dugu. Bestalde, bazterkeria soziala jasateko arriskuan dauden neska-mutilak gizarteratzearen alde lan egiten duten programetan ere elkarlanean aritzen gara.

Berdintasuna

Gure gizarteak erronka bat dauka: gizon-emakumeen arteko berdintasunerantz aurrera egitea. Real Sociedad Fundazioak erronka hori bere egiten du, eta haren funtsezko helburuen artean ezarri. Berdintasun Plan bat garatu dugu, eta Realan abusu eta jazarpen sexuala prebenitzeko protokoloa prestatzen ari gara, gero Gipuzkoako klubetara zabaltzeko asmoz.

Elkartasuna

Elkartasuna nazioarteko betebehar etikotzat jotzen dugu. Gipuzkoako erakunde eta elkarte sozialen sare trinkoarekin elkarrekin lan eginez gauzatzen dugu Real Sociedad Fundazioaren bokazioa. Batzuetan, materiala ematen dugu soilik, eta, maiz, haien proiektuetan sakonago engaiatzen gara. Adibidez, Gurutze Gorriak urtero Gabonetan antolatzen duen jostailu-bilketarako kanpainan lankidetzan aritzen gara, eta Elikagaien Bankuaren elikagai-bilketaren azkeneko kanpainan parte hartu dugu.

Osasun-zentroak

Noizbehinka, zalaparta sortzen da Donostia Ospitaleko Pediatria eta Haur Onkologia guneetan. Izan ere, ospitaleratuta dauden haurrek hainbat bisita izaten dituzte urtean zehar, Irrien Lagunak klubaren eta Aspanogi elkartearen eskutik. Opariak eramaten dituzte, solasean aritzen dira, argazkiak egiten dituzte eta irribarreak eragiten dituzte. Gizartean erreferenteak garen aldetik, ospitaletan daudenak alaitzen saiatu behar gara behintzat.