CD LAREDO 2-3 REAL C

Emaitzari buelta eman eta beste hiru puntu

Vídeo

Gure hirugarren taldeak garaipena lortu du bi eta hiru CD Laredoren aurka San Lorenzo futbol zelaian, eta dagoeneko bost partida segidan daramatza talde txuri-urdinak porrota ezagutu gabe. Joan etorri askoko lehenengo zatia. Baloiaren jabetza Real Crena izan da baina aukera garbienak Laredok izan ditu partidako lehenengo minutuetan. Peredoren urruneko jaurtiketa bat Marreroren atetik gertu pasa da, eta hortik gutxira epaileak baliogabetu egin du etxekoen lehenengo gola izango litzatekeena. Bitartean txuri-urdinak Laredoren atea erasotzeko momentu egokienaren bila ari ziren Marreroren atea defendatzen zuten bitartean. Lehenengo zatiaren erdialdean iritsi da gipuzkoarren gola. Jorge Agirrek ondo aprobetxatu du Lespinassek gidatutako kontraerasoa Angel Diezen atea estreinatzeko. Hortik aurrera Real Ck partida lasaitzea eta erritmo egokiena ezartzea lortu du. Atsedenaldiaren aurretik aukera garbiena Kortajarenak izan du, baina bere burukada etxekoen atezainak gelditu du. Huts eta batekoarekin joan dira bi taldeak aldageletara.

Bigarren zatia guztiz ezberdina izan da. Laredok partidaren erritmoa igo du eta presio handia ezarri du talde txuri-urdinaren baloi irteeran. Etxekoen presioa hain izan da handia, non Unai Marrerok behin baino gehiagotan esku hartu behar izan duen etxekoen golak saihesteko. Hala ere, ezer gutxi egin ahal izan du Goñiren burukadan eta Ibarrondoren errematean, eta etxekoak bi eta bat aurreratu dira markagailuan. Gipuzkoarrek lanean jarraitu behar izan dute, eta antza denez horretarako prest zeuden. Bost minutu geroago Gabilondok partida berdintzea lortu du areaz kanpoko jaurtiketa bati esker, eta 90. minutura iristeko bi minuturen faltan Reciok aurretik jarri du berriro ere Real C San Lorenzon hiru puntuak lortu ahal izateko. Gure hirugarren taldeak hiru puntu oso garrantzitsu lortu ditu bigarren zatia asko zaildu den partida batean. Izugarria talde txuri-urdina bizitzen ari den momentua, izan ere, garaipen honi esker sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen dute beste aste batez. Datorren jardunaldian Real Ck Naxararen bisita jasoko du.

 

Fitxa teknikoa:

CD Laredo: Diez, Resines (Sanz, min. 72), Puras (Amaya, min. 52), Goñi, Peredo (kap.), Carral (Vinatea, min. 57), Ares, Santos, Keita (Argos, min. 57), Ibarrondo eta Beceiro (Pareja, min. 72).

Real C: Marrero, Gabilondo (kap.), Larrañaga, (Sukia, min. 70), Rodriguez, Azurmendi (Recio, min. 70), Gorrotxategi (Azkune, min. 75), Dadie, Kortajarena, Teijeira (Zubillaga, min. 60), Lespinasse eta Agirre (Balda, min. 60).

Golak: 0-1: Agirre, min. 26; 1-1: Goñi, min. 65; 2-1: Ibarrondo, min. 70; 2-2: Gabilondo, min. 75; 2-3: Recio, min. 88

Epailea: Alvarez Rodriguez. Txartel horia atera die CD Laredoko Ares eta Argosi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!