ARENAS CLUB DE GETXO 0-1 REAL C

Bosgarren garaipena jarraian

Vídeo

Gure hirugarren taldeak beste garaipen bat lortu du, bosgarrena jarraian, Arenasi Gobelan huts eta bat irabazita. Txuri-urdinak martxa bat gehiagorekin irten dira partidara eta hasiera on horri esker aurrea hartu dute markagailuan neurketaren lehen jokaldian. Azurmendik, eskuinetik jarritako korner baten ondoren, ez du barkatu aurrealdetik jaurtitako ezkerkada batekin markagailua irekitzeko. Lehen ordu erdian, gure bigarren filialak aukera ugari izan dituzte garaipena bideratzeko: Lespinasseren buruz burukoa gora joan da, Zubillagaren erremate gurutzatua gutxigatik joan da kanpora, Aritzek gelditu duen Agirreren errematea, Lespinasseren beste bat, berriz ere atezainaren ezezkoa jaso duena… Minutuak aurrera joan ahala, bizkaitarrak arriskua sortzen joan dira, eta Arzuagak gertu izan du berdinketa area ertzeko erremate sendo batekin, kanpora joan dena gutxigatik. Oso sentsazio onak lehen berrogeita bost minutuetan.

Bigarren zatia askoz ere lehiatuagoa izan da, eta ez du hasierako zatian adina aukera izan. Arrisku gehien sortu dutenak, hori bai, txuri-urdinak izan dira, batez ere geldikako jokaldietan. Kortajarena korner batean izandako aldaratze bat aprobetxatzeko zorian egon da, baina Aritzek gola eragotzi du. Bizkaitarrek asko estutu dute azken txanpan, nahiz eta abagune argirik ez duten sortu, txuri-urdinen defentsa sutsuaren aurrean, ez baitiote ia arrisku jokaldirik utzi egiten aurkariari. Markagailua ez da berriro mugitu eta Azurmendiren gol goiztiar horrek gure hirugarren taldeak beste garaipen bat lortzeko eta multzoko lidergoan sendotzeko balio izan du. Datorren asteburuan, gehiago eta hobeto espero dugu, Zubietan Burgos CF Promesas hartzerakoan. Aupa Real!

 

Fitxa teknikoa:

Arenas Club de Getxo: Aritz, Jonma, Murua (kap.), Celihueta, Ibargoien, Cortezon, Arzuaga (Estrada, min. 63), Izeta, Garro, Jurgi (Arzalluz, min. 85) eta Rozas (Letamendia, min. 70).

Real C: Marrero, Cortes, Sukia, Cantero, Azurmendi (Recio, min. 60), Zubillaga, Teijeira (Balda, min. 60), Kortajarena (kap.), Marín, Agirre (Gorrotxategi, min. 85) eta Lespinasse (Azkune, min. 78).

Gola: 0-1: Azurmendi, min. 3

Epailea: Irurtzun Artola. Txartel horia erakutsi die etxeko Ibargoien, Murua, Jurgi eta Estradari eta kanpoko Azurmendiri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!